jueves, 13 de noviembre de 2008

Presoen alde abian
Uztarria
Plataformak apalaldi baten ondoren berriro ekingo dio lanari. Eskakizunak aurrera eramateko gizarteko sektore desberdinen inplikazioa eskatu dute. Aurrerantzearen ere mobilizazio handiak antolatzeari ekingo diote.

Euskal Presoak Euskal Herrira plataformakoen prentaurrea.
Herriko Euskal Presoak Euskal Herrira plataformak apalaldi baten ondoren berriro lanean ekitera doala adierazi du. Plataforma 1997an hasi zen lanean, «hasieratik gune anitza izan da eta euskal presoen gaiaren inguruan burutu ditu lanak».
Plataformak, lanean jardun duen hiru urteotan, hainbat lan eta ekintza egin ditu: «Euskal Presoen Euskal Herriratzearen alde egindako adierazpena gizarteratzeari ekin genion, herriko ia talde eta elkarte guztien atxikimenduak lortuz. Manifestazio isil jendetsu bat baino gehiago ere egin dugu herrian, plataformak deituta», esan zuten plataformakoek prentsaurrean.
Plataformako apaldiaren arrazoia ere azaldu zuten: «Nahiz eta Euskal Herrian milaka mobilizazio egin, eta gure aldetik hainbat lan, gure eskakizunak modu beretsuan jarraitzen zutela ikusirik, zerbait gehiago egin beharra ikusi genuen; baina egia esatera ez genekien zer gehiago egin zitekeen».
Plataformak bere eskakizunak plazaratu zituen: «Euskal gizarteak eskatzen duelako, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoak eta gaixotasun larriak dituztenak kaleratzea, eta baita presoen izaera politikoa onartzea ere».
Eskakizunak aurrera eraman eta egoera aldatzeko egin beharrekoak ere aipatu zituzten: «Argi daukagu orain arte eginikoa ez dela alferrikakoa, baina baita ere eginikoa ez dela nahikoa. Gizartearen eskakizunak bete edo ez gizarteko sektore desberdinen inplikazioaren baitan dago».
Aurrera begira jarri dituzten egitekoen artean, honokoak: atxikimendua eman duten taldeen inplikazioa lortzea, Euskal Presoak Euskal Herrira maindirea gizarteratzea eta mobilizazio erraldoiak antolatzea.

No hay comentarios: